Xixare Baratza, harremanak hazten
Hondarribiko Amute-Kosta auzoan kokatua den baratze kolaboratiboa elkarte honek modelo berezi bat badu: baratzea gehiago zaintzen ez zuten jabe batzuei tratu bat egiteko proposamena bidali die elkarteak, hau da abandonatuak ziren baratzeak lantzea baratze saski baten truk. Eta darama 14 urte horrela ibiltzen. Gau
r, sei jabek prestatzen diote baratzea elkarteari, orotara 7000m2-ko lur eremua kudeatzen du. “Trukaketa eta denbora pasatu elgarrekin garrantzitsuagoa da diruaren baino”, azaldu du
Miguelek, Xixare Baratzaren langileak.
Auzolana ardatz nagusietako bat da, laguntzaileak baratza kultura hedatzen duen elkartearen oinarria baitira. Larunbatero laguntzaile kopuru bat hurbiltzen da baratzera denbora pixkat eskaintzeko, txandaka: baratzeak antolatu eta zaindu, barazkiak sailkatu edo saskiak prestatu, denetarik bada. Bazkide bolondresen lana ezinbestekoa da, beti ere, kontratatutako nekazari profesional baten laguntzarekin. Miguelek erraten duen bezala: “bakotxak bere gaitasun eta baliabideekin etortzen da. Oso malguak gira, bakotxak bere lekua atzematen du erreski! Bazkide berriak beti ongi etorriak dira!”. Laguntzaileentzat, topagune bat da, elkar ezagutzeko aukera ematen du ere.
Elkartasunarekin batera, beste balore garrantzitsuak ditu Xixare Baratzak: lurrak zaindu eta ingurumena errespetatu,
ongailurik eta pestizidarik gabe. Baratze kooperatiboa osatzen dute eta erabilera agrikola eta nekazaritza ekologikorako trantsizioa egin dute. Gainera, Xixare Baratzak tokiko dinamika batean kokatzen da. Beste elkarte eta mugimenduekin harremanetan da, eta elikadura burujabetza, sasoiko eta bertako ekoizpena eta bizimodu jasangarriago baten alde lan egiten du. Helburua ez da bakarrik barazkiak ekoiztea, baizik eta beste eredu bat erakustea, elkartasunean eta partekatzean oinarritua. Xixare Baratzak argi erakusten du posible dela, eskala txikian bada ere, gauzak beste era batez egitea. Hemen ez dute bakarrik barazkiak landatzen, harremanak ere sortzen dituzte.