Astearte honetan, irailaren 21ean, 10:15etan, Alda elkartea iruzurrean ari den Airbnb batean sartu da, Biarritzeko Errepublikako etorbidearen 20 den « Ungui Ethorri » etxean. Elkarteko 20 bat militante etxebizitzan sartu dira molde sinbolikoan bertan plantatuz. Aldarentzat, «Airbnb eta Abritel bezalako plataforma numerikoek, inpunitate osoz, nahitara iruzur masibo bat plantan emaiten dute Ipar Euskal Herrian.» 10 000tik goiti dira turismorako etxebizitza hornituak legea urratzen luketenak, eta ondorioz, plataforma horiei 80 milioiko isuna arriskarazten luketenak, tokiko kolektibitateek auziperatzen badituzte. Horren bidez, 500 etxebizitzatik goiti eraikiak izaiten ahal litaizke!

Estudioa zinezko xinaurritegi bat bilakatu da: paretak etxebizitzaren eskubidearen aldeko afitxaz hornituak, ekintzalariak elkarlanean ari dira edo bertaratzen dira banderola bat edo besteren egiteko, esku paperen, pegatinen edo Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren krisiari buruzko liburuxkaren biltzeko. Etxearen burdin hesian banderola bat lotu dute non aldarrikatzen den «Ici, Airbnb viole délibérément la loi. Etxebizitzak herritarrentzat!»  Oihal etxola handi bat ezarria izan da aitzinean non taula handi batek dion « Airbnb-k plazerrekin eskaintzen du sekulako etxebizitza nagusi hau tokiko biztanleei… Deusetaz, zinez!». Elkarteko kideek bertan egoiteko xedea dute guttienez ostiral goiza arte eta ekintzaren sustengatzaileak deitzen dituzte bertara hurbiltzera haiekin topatzeko. Bereziki gomitatuak dira beren lekukotasuna ekarri nahi duten etxebizitzarekin arazoak dituzten pertsonak.

Airbnb-k nahitara legea urratzen du

Etxebizitza ez da nolanahika hautatua izan. Biztanle batzuei alokatua zen 2020a bukaera arte eta 2021ean hornituriko etxebizitza turistiko bat bilakatu da Airbnb plataforman. Etxebizitza hori, osoki alokatua da urte osoan, turismorako etxebizitza hornitu moduan Airbnb plataforman, eta, %100 Airbnb-rena den Luckey atezaindegiataz osoki kudeatua da. Alta, ez da erregistratze zenbakirik agertzen beren iragarkian, jakinez turismoaren kodeko L324-2-1 artikuluaren arabera, legezko betebeharra dela, eta horren ez errespetatzeak 12 500 euroko isuna dakarrela! Luckey-k du delako iragarkia idatzi, eta ondorioz Airbnb-k ez du aitzakirik lege urratze horren esplikatzeko. Nahitara eta molde masiboan egina da lege urratze hori, Alda elkartearentzat. Azken honek salatzen du badirela 3 600 etxebizitza oso ber egoeran Biarritzek dituen holako 5 600 etxebizitzetan. Elkarteak estimatzen du Ipar Euskal Herrian turismorako proposatuak diren etxebizitzen 2/3 ez direla erregistratuak eta gaur egun finantza publikoei 2 milioi euro ebasten dituztela bakarrik egonaldi zergaren arloan.

Baliteke ederki gostatuko zaiola Airbnbri

Horrelako inpunitatearekin bukatzeko borondate politikoa baldin bada, lege urratzaile diren plataforma numerikoei anitz gostatzen ahal zaie. Joan den ekainean, Pariseko hiriak Airbnb sozietateari paga arazi dio 8 000 euro isun erregistratze zenbaki gabe zen iragarki bakoitzarentzat. Herriko Etxeak 1010 kondatu zituen eta ondorioz 8 milioi euro bilduko ditu.

Aldaren estimazioen arabera, erregistratze zenbakirik gabe diren turismorako etxebizitza hornituak – eta errex identifikatzen ahal direnak – Ipar Euskal Herrian, 10 000 kasu gainditzen dituzte. Ondorioz, 80 milioi euro dira teorikoki galdatuak izaiten ahal litaizkenak interneteko Airbnb, Abritel, Le Bon Coin etab. bezalako plataformei… eta horren bidez, 500 etxebizitza sozialen ekoizpena ahalbidetuko litaike!

Interpelazio publikoak eta hitzordu ezberdinak

Ainize Butron, ekintzaren bozeramaileak, Airbnb-ri kontuak galdatu dizkio, nahitara egiten dituen legearen urratze masiboei buruz. «Biarritzeko Herriko Etxeari galdegiten diogu ere egiaztatzea etxebizitza honek bere beste bete beharrak errespetatzen dituen: deklarazio ofiziala, erabilpen aldaketa galdea, egonaldi zergaren ordainketa, etab. Baionako Herriko Etxeari ber galdera luzatu genion, Tonneliers karrikako 14.ean egin ginuen Airbnb-ren lehen okupazioaren karietara. Eta argi geratu da, etxebizitza hori iruzur egoeran zela maila guzietan eta ondorioz herriko etxeak egoera erregularizatzera behartu du. Tokiko biztanleak etxebizitzaz gabetzen dituzten eta tokiko finantza publikoak agortzen dituzten horrelako jabeak behar dira auzitegietara eraman, non horrelako egintzentzat erregistratze zenbakiaren ez ukaitearentzat ordaindu behar dituzten 12 500 euroak baino kopuru handiagoak arriskatzen dituzten!».

Aldako militanteak oroitarazi ditu elkarteak Euskal Hirigune Elkargoari hel arazi dituen bi aldarrikapenak, hots, erabilpen aldaketaren baimen galdea orokortzea legezko pertsonei eta konpentsazio neurriaren plantan emaitea. Jendartea gomitatu du bi proposamen horien sustengatzerat, horren bidez Airbnb fenomenoaren garapen ikaragarria gelditzen ahal baita, «Herrian bizi, ez espekulatu!» petizioa izenpetzea galdatuz  www.alda.eus/logement eta kanpaina honen Egoitza Nagusi berria, Biarritzeko Mazon parke ondoan, bisitatzera gomitatuz. Astearte honetan, 18:30ean, pintxo-zintzur bustitze bat aintzin ikusia da eta ekintza hau sustengatzen dutenak gomitatuak dira bertara pasatzera. Aldak jendartea gomitatzen du masiboki parte hartzerat etxebizitza denentzat defendatuko duen eta Baionan, azaroaren 20an, 15:00etan iraganen den manifestaldi bateratu handira. «Milaka izan behar gira hautetsiei eta arduradun ezberdinei galdatzeko berehala har ditzaten neurri indartsu eta behargarriak ezin kudeatua eta jasangaitza bilakatzen den krisi honen mugatzeko» adierazi du Ainize Butron-ek.

Etxebizitzaren krisia Biarritzen, zenbakitan

Alda elkartea ekintza berri honetaz baliatu da Biarritzen den etxebizitzaren krisiari buruz kezkagarriak diren zenbaki eta tendentzia batzuren berri prentsari emaiteko.
2018an, Biarritzen biztanle (25 532) baino etxebizitza (25 892) gehiago baziren! Alta, gero eta gehiago biarriztarrek ezin dute gehiago beren hirian bizi! Biarritzeko hiriak izigarri eraiki duelarik 2008 eta 2018 artean (+ 1 865 etxebizitza gehigarri), pribatu arloko alokatzeko bizitokiak ttipitu dira! (-518 etxebizitza, hots -%10). 2018an, beti, Biarritzen, bigarren etxebizitzak %40 baino gehiago ziren.
Gaur egun gutienez 5 600 biarriztar etxebizitza oso alokatuak dira Airbnb, Abritel, Le Bon Coin etab. bezalako plataformetan. Haietarik 2 000 inguru erregistratuak dira. Horietan 1 583 etxebizitza oso alokatuak dira urte osoan turismorako etxebizitza hornitu gisa, ondorioz tokiko biztanleei urte osoa alokatzeko parada gisa kenduak. Ikaragarria da, badakigularik urte osoa alokatzeko den bizitoki pribatuen multzoan 4 525 etxebizitza direla.
2021eko irailaren 16an, Biarritzen, urte osoan alokatzeko bakarrik 28 eskaintza aurkitzen ahal ziren Carmen Immobilier, Foncier, Foncia, Orpi, Square Habitat, Guy Hoquet, Century 21 edo Le Bon Coin bezalako agentzia edo plataformetan, tokiko biztanleen ehundaka galdeei erantzuteko. Aldiz, ber egunean, ber agentziek, turismorako 706 etxebizitza hornitu libre proposatzen zituzten!
Fenomenoa larriagotzen da Parise, Lyon, Bordale, etab. bezalako hiri handiek, urte osoa alokatzeko diren bizitokietan, Airbnb eta Abritel bezalako plataformek sortzen duten odol galtzea gelditzeko «konpentsazioa» bezalako neurri eraginkorrak hartu dituztenetik geroz. Plataforma horiek ondorioz kostaldeko hiri ttipietara edo baserri guneko lurraldeetara berrantolatze estrategia bat garatzen dute, publizitate kanpaina zehatz batekin, atez ateko saltzeekin eta Luckey, Airbnb-ren «atezaindegia» den bezalako, atezaindegien plantan emaitearekin. Ipar Euskal Herria estrategia berri horren biktima nagusienetan da.