Day(s)
:
Hour(s)
:
Minute(s)
:
Second(s)
Aldarekin, dena Alda daiteke!
Azaroaren 15etik 29 bitartean, HSA, Office 64 eta CDC Habitat-ko maizterrek HLM egituren baitan beraien eskubideak nork defendiatuko dituen eta beraien boza nork ordezkatuko duen aukeratzen ahalko dute. Alokatzaileen ordezkarien hauteskunde horiek 4 urtetik behin iragaten dira: 2022an, Alda alokatzaileen defentsarako lehen elkartea hautatua izan zen!
HLM-etako alokatzaileen ordezkariak, zertarako?
Aldaren programa
(programa osorako lotura)
Euskal Herrian :
- Auzogune bizi eta lasaiak
- Bizitegi duin eta egokiak
- Justizia eta errespetu gehiago
- Etxebizitza sozial gehiago
Gobernuaren heinean:
- Ahalbide gehiago HLM-etako bizitegientzat
- Gure moltsa, klima eta planeta soleitzeko neurriak
- Etxebizitzaren arazoa egiazki menperatzeko ahalak eman Euskal Herriari
Aldak HLM-etako alokatzaileen artean eraman kontsulten emaitzen gainean eta permanentzietan bildu lekukotasun eta eskarietan oinarritzen da programa.
HSA eta Office 64 erakundeetako alokatzaileek, alokatzaileekin eta alokatzaileentzat landu programa da. Kolektiboki berriz landua izan da, bizitegi sozialen saileko adituen laguntzarekin.
Aldaren metodoa: lurraldean erroztatu eta maila guzietan aritu
Alda lurralde osoan ari den elkartea da. Baionatik Hendaiaraino dituen kolektibo eta permanentziei esker, jendeek bizi duten errealitatea ezagutzen du. Sortzetik, beren egunerokotasunean arazoak edo injustiziak jasaten dituzten 5.000 pertsona baino gehiago sustengatu eta lagundu ditu. Sortzetik, Aldak anitz arduradun ikusi ditu edo haiekin bildu da: lurraldeko HLM erakunde guziak baina baita USH-ko (Frantziako HLM erakundeen batasun nazionala) lehendakaria Emmanuelle Cosse ere ; lurraldeko auzapez eta diputatu anitz, Aloimenduaren ministro batzuk eta Frantzia mailako hainbat arduradun. Alda askotan kontsultatua izan da etxebizitzari buruzko araudien edo Frantzia mailako legeen moldatzeko mementoan, eta hiru aldiz entzuna izan da Europako Parlamentuan!
Alda-ko hautagaiak, alokatzaileen ordezkari izateko!!
4 urteko garaipen indibidual eta kolektiboak: segi dezagun!
1. Azken lau urteei begirada
Bizitegiz aldatzeko trukaketa Merkatua
2022ko hauteskundeetarako Aldak aurkezturiko programaren neurri nagusietako bat zen: Bizitegien Trukaketa Merkatua 2024ko hasieran sortu zen Ipar Euskal Herrian. Bizitegien “Le Bon
Coin” gisako zerbait da Merkatu hori… zuzenean harremanetan ezartzen ditu bizitegi handiagoa behar duten alokatzaileak, familia handitu zaielako, edo igogailua duen egoitza batera joan nahi dutenak osagarri arazoengatik…. eta hori guzia, edozein bizitegi sozial sarean.
Etxebizitza krisia hain larria den honetan, bizitegi sozial sareko 3.500 pertsona inguru bizitegi aldaketa baten zain direnean, BTMa erantzun zehatz eta eraginkorra da bizitegi aldaketak errexteko.
Zuk ere bizitegiz aldatu nahi baduzu baina aldaketa eskaera ez bada aitzinatzen, izena emazu BizitegienTrukaketa Merkatuan, www.bel-nouvelleaquitaine.fr, eta Aldarekin harremanetan sar zaitez, prozesuan lagun zaitzagun.
Hezetasunaren ondorioz berriz aloituak
Ipar Euskal Herriko 56 auzotan 753 pertsonarekin egin ikerketa zabalaren ondotik, Aldak ondorioztatu du bi alokatzailetik batek (% 52,19) hezetasun seinaleak hautematen dituela bere bizitegian. Alokatzaile horien artean, % 71,5ek osasun-arazoak dituztela adierazi dute.
Aldak hainbat alokatzaile laguntzen ditu egoera horietan, haietan Louise eta haren familia. Hona kontatu diguna:
Ene bikotekidearekin eta 11 eta 6 urteko bi seme-alabekin, Baionako Petite Zup auzora joan ginen bizitzera 2020an. Laster ohartu ginen gure bizitegia hezea zela. Etengabe garbitzen bagenuen ere, mutxidura markak berriz agertzen ziren. Ene seme zaharrenaren hats-nekeak txartuz joan ziren, eta ene alaba ere hats-nekeak ukaiten hasi zen. Ene bikotekide Marc-en osasun egoerak ere txarrera jo zuen. Azterketek erakutsi zuten mutxidurei loturiko bi onddo zeuzkala odolean. Lanerako ezgaitzat jo zuten eta kanporatu.
Aldaren laguntzarekin, HLM erakundeetan egin beharreko urratsak biderkatu genituen, beste bizitegi batera berriz aloituak izan gintezen eta gure apartamentua berritu zezaten. Mila pertsonak baino gehiagok gure aldeko petizioa izenpetu zuten ! Eta gure egoera ez da bakarra, Aldak egin ikerketak erakutsi duen bezala.
Uda honetan, azkenean, beste bizitegi bat eman digute: azkenean hatsa hartzen ahal dugu. Aupa Alda!»
2. Esperientzia sendoa duen elkartea
HLM bizitegietako alokatzaileen ordezkari nagusi gisa lau urteko esperientzia metatu eta gero, Aldako Bizitegi Sozialaren Batzordeko laguntzaile taldeek eta hautetsiek aloimendu sozialaren funtzionamenduari buruzko ezagutza sendoa dute.
Azken kargualdian, bizitegien esleipen batzordeetan, alokatzaileen hitzartze batzordeetan eta HLM erakundeetako administrazio kontseiluetan, hautetsiek hainbat gairen inguruan lan egin dute: besteak beste, alokairuen igoerei uko egitea bezalako neurri orokorrak defendatu dituzte; alokatzaileek eskatutako gaiak mahai gainean ezarri dituzte (bizitegien egokitzapena, hezetasun arazoak, aparkalekuak, etab.); eta gai batek auzo jakin bati eragiten zionean, alokatzaileekin zuzenean elkartu dira, haien boza ordezkatzeko.
3. Bizitegirako eskubidea 
Alda DAL (Droit au logement – Bizitegi Eskubidea) elkarteko kidea da. DAL frantses Estatu osoan HLM hauteskundeetara aurkezten da.
30 urtez baino gehiagoz, DALek hainbat borroka eta mobilizazio kolektibo eraman ditu, eta horiei esker hamarnaka mila familia berriz aloitzea eta aloimenduari buruzko legeria hobetzea lortu da.
Haren borroka eta mobilizazioek, halaber, eskubide berriak lortzen lagundu dute: DALO legea, duintasunik gabeko bizitegietan bizi diren bizilagunek berriz aloituak izateko duten eskubidea, hiri aberatsetan HLM bizitegiak % 25 izateko betebeharra, etab.
30 urtez baino gehiagoz, DALek hainbat pertsona ezagunen babesa izan du, besteak beste: Josiane Balasko, Jacques Higelin, Jamel Debbouze, Emmanuelle Béart, Touré Kunda, etab.
Nola bozkatu?
Azaro erdian, bozkatzeko argibideak eta materiala lortuko dituzue.
Bi ahalbide izanen dituzue:
- Posta bidez bozkatzea, aitzinetik tinbrea duen gutun-azal bat erabiliz (T gutun-azala). Kontuan izan: zuen bozka behar bezala zenbatuko dela ziurtatzeko, hobe da gutun-azala azaroaren 28a baino lehen postaz bidaltzea. Horregatik aipatzen dugu data hori, eta ez abenduaren 1a, kanpainaren bukaera ofiziala baita; izan ere, egun horretan Internet bidezko botoak bakarrik hartuko dira kontuan.
- Bozka elektronikoz boza ematea, hau da, Internet bidez bozkatzea, Habitat Sud Atlantic eta Office 64 erakundeek adieraziko dizueten webgunean sartuz egiten da. Ongi atxiki etxebizitza banatzaileak bidali identifikazio zenbakia: zenbaki hori beharko duzue bozkatzeko.
Lagun gaitzazu kanpainan! :
Zuk ere alokatzaileen ahotsa defendatzeko parte hartu nahi duzu? Orduan, bat egizu HLM hauteskundeak prestatzen ari den laguntzaile taldearekin!
Sukaldatzea, norberaren auzoko edo beste auzoetako bizilagunengana joatea, afixak ezartzea, pankartak prestatzea… askotariko zereginek, bakoitzaren denboraren eta ahalmenen arabera egokituek emanen diote erritmoa kanpainari, lagunarte giroan!
Abenturan parte hartzeko, aski duzu izena ematea : laguntzaile izateko [esteka] edo info@alda.eus helbidera idatziz.
Emaitza bat egiten dut



