Baionan, 2025eko maiatzaren 12an – 2021ean 1.615.000 eurotan erosia eta 4 urtetara, 2025ean, 2.980.000 eurotan saldua: Bidarten salgai den etxebizitza batean sartu dira astelehen honetan Aldako 36 militante, martxan den  operazio espekulatiboari buruz deiadarra jotzeko eta oro har Ipar Euskal Herrian salmenten prezioaren goratzea salatzeko. Etxeko saloinetik, lurren eta eraikinen salmenta prezioak arautzearen beharrari buruzko zuzeneko hitzaldia antolatu dute. Arautze hori baitezpadakoa da: prezioen igotzeak tokiko biztanleentzat etxebizitza eskuraezina bilakatzen baitu, alokatzeen eskaintza pribatua ttipitzen baitu, etxebizitza sozialak ekoizteko kostua handitzen baitu eta lurraldeko klase herrikoiak baztertzen baititu.

1.365.000 euroko irabazia

 2021ean 1.615.000 eurotan erosia izan den etxea, gaur, doi doia 4 urte eta gero, 2.980.000 eurotan salgai da, higiezinak eskuratzen, berritzen edo eraikitzen  dituen SNC Yaurregia izen kolektiboan den sozietatearen eskutik. Salmenta eginez gero, irabazia 1.365.000 eurokoa izanen litzateke, eta hori, Aldaren datuen arabera, egin diren inbertsioak baino askoz handiagoa da.  Bertaratua zen higiezinen agenteak, Côte Ouest immobilier agentziaren gerenteak, prentsari ez dio erran SAS IdayImmoren zuzendari sortzailea ere dela, SNC Gurutzetaren sozietate sortzaileetako bat, azken hau SNC Yaurregiaren bi sozietate sortzaileetakoetarik bat delarik: arkitektura korporatibo horrek etekinak optimizatzera zuzenduriko transakzioak direla pentsatzeko duda guti uzten du.

Aldako 36 militantek  “operazio espekulatiboa” (ondasun bat handik gutira saltzeko askoz prezio garestiagoan erostean datzan « itzulipurdia ») praktika hau salatu dute, etxeko egongelan salbuespenezko «Salmenta prezioen bat-bateko goratzea Ipar Euskal Herrian: aski!» hitzaldia antolatuz “Espekulazioa: biztanleentzat etxebizitzarik ez. Euskal Herria ez da salgai!” zion banderola lehen estaiako ganbaratik zabaldua izan da.

 Euskal Herri herrikoia ala milionarioendako ghettoa?

 “Milionario zonbaitzu Ipar Euskal Herria  bigarren etxebizitzen opor-herri bilakatzen saiatzen direlarik, tokiko biztanleak etxebizitza atzemateko zailtasunetan dira. Hala ere, zenbateko ikaragarria duten salmenta hauek eragin orokorra dute prezioen bat-bateko goratzean: eremu jakin bateko batez besteko salmenta-prezioen igoera orokorra dakar, baina baita, zeharka, alokatzeen-eskaintza gutitzea ere. Tokiko biztanleentzat, eta bereziki kategoria herrikoientzat, horrek erran nahi du baztertuak direla: aloitzeko parada ukaiteko, beren bizi lekuetarik, beren hurbilekoetarik, beren lanetik, etab.  gero eta urrunago joan behar dira» dio Noël Ollarburu Aldako kideak.

 Gakoa: arautzea

Zuzenean zabaldua izan den hitzaldian,  Aldako bi hizlarik lur eta eraikinen salmenta prezioen etengabeko eta gehiegizko igoerak dakartzan erronkak azaldu dituzte. IDHEAL edo Etxebizitza mailako Ekintzarako Goi mailako Ikasketen Institutuko ordezkari nagusia den eta berriki akademiko gisa sartu den Catherine Sabbah-ek karia horretara ekoizturiko bideoan aurkeztu ditu prezioen bat-bateko goratzearen ondorioak eta aurautzearen beharra.  

Tentsiodun eremuetan konpentsazio-neurria edo alokairuen mugatzea bezalako azken mekanismoek Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren egoera hobetzen eta urte osoan babesten lagundu dute. Aitzinatze itxaropentsu hauek etxebizitza-merkatuaren arautzearen garrantzia erakusten dute eta oihartzun handia dute biztanleriarengan. Erabaki hartzaileak salmenta-prezioen kontrolerako neurri handinahiak hartzera bultzatu behar dituzte. Azken 15 urteetan, Ipar Euskal Herrian salduak diren ondasunen %80a kariotuz doa,  %36 igoera nabarmenarekin direlarik, hots prezioaren %50eko igotzea baino gehiagorekin. Prezioak biziki gora baldin badira, jabeek etxebizitzen saltzea lehenetsiko dute urte osoan alokatzearen ordez. Tokiko biztanleen gehiengoak prezio horietan erosteko posibilitaterik ez duenez, etxebizitza horiek bigarren etxebizitza bilakatzeko arriskua dute. Alokairuen zenbatekoa mugatua den ber maneran, etxebizitzen salmenten zenbatekoak arautu behar dira orain. Gainera, jendartearen galde-itxaropena da: 2023an, Ipar Euskal Herriko biztanleen %55 ados zen botere publikoetaz salmenta prezioen aurautzeaz (1)» dio Malika Peyraut Aldako kideak.

 6 neurri aplikagarriak

Horrela, Aldak hainbat proposamen azpimarratu ditu legegilearentzat (2): eremu tentsiodunetako lur eta eraikinen salmenta prezioen bilakaera arautzea, beren erostetik landa 5 urte baino gutiagora salduriko etxebizitza nagusien salmentaren gainbalioa zergapetzea, bizitegi nagusiaren iruzurrezko deklarazioak zigortzea, zerga sistema zorroztea, kolektibitateari irabazien zati bat biltzea ahalbidetzea irabazi hau inbertsio publikoari esker gertatu bada, edo etxebizitzen iragarkietan aitzineko salmentaren prezioaren erakustea behartzea. Elkarteak bere proposamenak zabaltzen segituko du eta maila guzietako erabakitzaileei dei egiten ere, prezioen bat-bateko goratzea geldiarazteko eta, horrela, tokiko jendarteak herrian bizitzeko eta aloitzeko parada ukan dezan!

(1) https://www.sudouest.fr/economie/immobilier/immobilier-au-pays-basque/sondage-exclusif-demain-se-loger-au-pays-basque-le-message-est-tres-clair-pour-jerome-fourquet-de-l-ifop-14458965.php

(2) Encadrement des prix de vente du foncier et du bâti : les propositions d’Alda