Biztanleen irabazietarik deskonektatuak diren prezioak

Pertsona anitzek nahi dute Ipar Euskal Herrian bizi, hemen sortu direlako eta hemen egon nahi dutelako, edo hemen plantatu nahi dutelako edo honat itzuli nahi dutelako. Bizikideen bereizteko joerek (dibortzio kopuruaren handitzea, etab.) behar diren etxebizitzen kopurua emendatzen dute. Etxebizitzen arloko beharrak urtez urte goiti doaz, beti gehiagoren sortzeko beharra ekarriz. Baina bizitokien zati handiegi bat ez da urte osoan bertan bizitzeko libro.

Merkatua «tentsioan» da: galdeak eskaintza gainditzen du eta urtero prezioak goiti doaz. Etxebizitza kolektibo berriarentzat, prezioen bataz bestea 4 250€/m²-ko denez, Ipar Euskal Herriko biztanleen hiru laurdenak jabe bilakatzeko baliabiderik gabe gelditzen dira. Biarritzen eta Donibane-Lohizunen, m² horien prezioak 7 000€ gainditzen ditu. Ondorioz, tokiko biztanleen %1 baino gutiagorentzat eskuragarri da.

Lurraren prezioaren kariotze horren ondorio zuzena alokairuen kariotze biziki handia da. Bizitoki pribatuen arloan, bataz besteko alokairua, kostaldean eta doi bat barnekalderantz (Angelu eta Baionatik kanpo), hilabeteko 725€-koa da. Bataz beste hori sobera gora da biztanleen irabaziei konparatuz. Jabe gero eta gehiagok balizko alokatzaileei galdegiten diete alokairua baino 3 aldiz gorago den irabazia, hainbat menaiu baztertuak direlarik. Bizitegi sozialek ere etxebizitzaren arloko tentsio horiek pairatzen dituzte. Haien eraikitzea gero eta karioago ateratzen da (lurra eta eraikinen prezioaren bat-bateko emendatzea, eraikuntzaren gastuen igotzea…). Ondorioa: gero eta karioago bilakatzen dira eta gero eta langile gehiago baztertzen dituzte zeren haien irabaziak ahulegiak direla kontsideratzen baita. Alabaina, hor ere alokairuaren prezioa hiru aldiz gainditu behar dute.

Alokairuen kontrola

Alta, tentsioan den Ipar Euskal Herriko eremu hortako 24 herrietan (*) alokatzaile aldaketa baten karietara alokairuaren igotzea debekatua da. Biziki bereziak diren kasu batzuetan salbu, emendatzeak ezin du gainditu Alokairuen erreferentziazko indizea (urtean % 0,10 eta 0,60ren artean, urteen arabera).

Alokatze kontratuan argiki idatzia izan behar da aitzineko alokatzailearen alokairua. Legezko betebeharra da, baina ez da beti errespetatua, eta premiatsua da sistematikoki horren ikertzea. Zuen alokairua goititua izan bada, errekurtso bat ezarri behar duzue. Egoera horretan baldin bazirezte Aldarekin harremanetan sar zaitezte.

Usu ikusten ahal ditugu legez kanpoko prezio emendaketak, alokatzailearen partez, eta usu jabearen partez ere, legea ez ezagutzeagatik.

Informazio kanpaina argi bat beharrezkoa da, jabe bakar batek ez dezan alokairua goititu legea kontuan hartu gabe.

* Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Baiona, Basusarri, Biarritz, Biriatu, Bidarte, Bokale, Donibane-Lohizune, Getaria, Hendaia, Hiriburu, Jatsu, Larresoro, Lehuntze, Milafranga, Mugerre Urketa, Urruña Uztaritze edo Ziburu.

Alokairuen mugatzea

Ez da aski izanen berriz alokatzeko unean alokairuak kontrolatzea. Alokatzekoak diren etxebizitzen jabeek gero eta gehiago nahi dituzte beren ontasunak saldu. Ontsalaz, beren alokatzaileari erosteko lehentasuna eman behar diote, baina alokatzaileek ez dute baliabiderik galdatua den prezioan eskaintzarik egiteko. Eta sekulan erosle berriak nahi badu bizitegia bere bigarren etxebizitza bezala erabili edo bere inbertsioa errentagarriago bilakarazi AirBnb, Abritel edo Poplidays bezalako plataformetan alokatuz, alokatzailea kanporatua da.

Bigarren etxebizitzek eta turismoarentzat diren etxebizitza hornituek sortzen duten presioa dela eta, urte osoan alokatzen ahal diren bizitegien eskasteak etxebizitza berrientzat alokairuen igotzeko joera indartsua sortzen du. Alokairuen kontrol sinplea ez da aski. Neurri indartsuagoak behar dira eta, bereziki, alokairuak mugatu behar dira.

Parisen eta Lille-n, baina seguruenik ere, laster, norabide bereko desmartxak abiatu dituzten Bordelen, Grenoblen, Lyonen edo Montpellierren, alokairuak mugatuak dira: alokatzeko prezioak, ezin du prefetaren erabakiak finkatzen duen gehienezko metro karratuko prezioa gainditu, bai etxebizitza berrietan, bai zaharretan.

Orain arte, Ipar Euskal Herrian, baliabide hori ezin da legez plantan eman, baina ikusiz egoeraren larritasuna, legea aldatu beharko da, horren ahalbidetzeko! Ondorioz, gure parlamentariak galdekatu behar ditugu gai horri buruz.

Legeak gaur egun tokiko kolektibitateei posibilitatea emaiten die esperimentazio batzuen garatzeko, orain onartua den lurralde mailako desberdintze printzipioari esker. Herriko Etxeek eta Hirigune Elkargoak tokiko dispositibo batzuen esperimentatzeko baliabideak ikertu behar dituzte haien bidez alokairuen mugatzeko, beharrezkoak diren lege mailako aldaketak plantan emanak izaiteko tartean.

Turismoarentzat diren etxebizitza hornituen ugaritzea mugatu

Turismoarentzat den etxebizitza hornitu bat, etxe edo apartamendu bat da, egonaldi labur batentzat proposatua dena, pasaiako alokatzaileentzat. Tipikoki, Airbnb, Abritel, Le Bon Coin edo Poplidays bezalako plataformetan atxematen diren abisuak dira.

Turismorako etxebizitza hornituetan 2 kategoria badira:
• Etxebizitza hornituak… “noiztenkakoak”
Bizitegi nagusiak dira, biztanleak zonbait egun edo astez utziko duena bere irabazien joritzeko. Horrek ez du arazo berezirik sortzen etxebizitzaren arazo orokorrean.
• Etxebizitza hornituak… “etengabekoak”
Etxebizitza horiek plataforma horietan eskuragarri dira, urte osoan edo kasik. Etengabeko etxebizitza hornitu horiek kontuan hartuak dira gaur egun diren 45 000 bigarren etxebizitzetan, baina datu ofizialak falta direnez, biziki zaila da zehazki jakitea zonbat diren. Lehen estimazio baten lortzeko, Aldak plantan eman du ikerketa lan inportante bat, ahal bezain metodiko eta zorrotza, bortxaz mugatuak diren bere baliabideekin. 2021ean, 17 000 eskaintza atxeman ditugu Airbnb-n eta Abritel-en, 3 500 le Bon Coin-en eta 1 600 Booking-en, milako bat Locasun-en eta 700 Poplidays-en. Segurki, urte normal batean, konfinamendu eta etxeratze agindurik gabe, gehiago izan behar ziren. Hasteko, 2021 urtearentzat, 20 000tik goiti eskaintza badira, errepikatzen direnak kenduz geroz. Bestalde, lortu dugu kalkulatzea ia heren bat eskuragarri direla urtean 120 egunetik goiti alokatuak izaiteko.

Balioztapen apal batekin, erraiten ahal da, beraz, turismorako 6 000 eta 7 000 etxebizitza hornitu badirela, etengabekoak, Ipar Euskal Herrian. Milaka etxebizitza ezin direnak urte osoan alokatu, jendeek beren herrian bizitzeko erabili ezin dituzten milaka etxebizitza. Eta lekukotasun guzien arabera, zenbaki horiek beti gorantz doaz.

Alabaina, Euskal Kostaldean, jabeentzat etxebizitza hornitu baten alokatzea urte osoan alokairu klasiko batekin alokatzea baino errentagarriagoa da. Baina, apartamentu bat turismorako etxebizitza hornitu bilakatzen den aldi oro, alokatzailea edo familia bat uxatua da eta aterabide berri bat beharko du atxeman gero eta hertsiagoa den etxebizitzen alokatzeen merkatuan. Nahi baldin badugu jendeak kostaldean bizi daitezen, beren lan-eremutik hurbil, turismorako erreserbatuak diren etengabeko etxebizitza hornitu horien ugaritzea gelditu behar da.

Berehala posible diren ekintzak
2020an, Euskal Hirigune Elkargoak hainbat neurri hartu ditu arazoa kontrolatzen saiatzeko. Tentsioan den guneko 24 herrietarik zonbaitzuetan, gaur egun beharrezkoa da behin-behineko baimena lortzea, bigarren etxebizitzen erabilpena aldatzeko, jabeek turismorako etxebizitza hornitu gisa erabili nahi dituztelarik, bai noiztenka, bai etengabe. Eta, 8 herritan, jabe bakoitzari ematen zaion baimena etxebizitza bakar bati mugatua zaio, eta beste 6 herritan, jabe bakoitzeko 2 etxebizitzari.

ALDAren iduriko, lehen neurri hau ez da erronken heinekoa eta beharrezkoa da askoz urrunago joaitea.

Begi bistako lehen gauza da neurri hori legezko pertsonei zabaldu behar zaiela. Alabaina, neurri horrek pertsona fisikoak bakarrik hunkitzen ditu. Legezko pertsonak (SCI, SARL, etab.) gaur egun edozoin betebeharrez dispentsatuak dira! Alta, argiki ulertzen da etxebizitza bat baino gehiago alokatzen dutenak, usu, SCI edo SARL batzuk direla. Pertsona fisikoak diren jabeak, hormamendiaren ageriko alderdia dira bakarrik. Egiazko aferak legezko pertsonek dituzte eramaiten!

Hartu behar den bigarren neurria da Bordelen, Nantes-en, Estrasburgon betearazten dutena. Neurri hori «konpentsazioa» deitzen da. Turismorako edozoin etxebizitza horniturentzat, jabeak behar du proposatu urte osoan alokatzen den beste etxebizitza bat.

Neurri indartsu bat da, eraginkorra, eta Kasazio Gorteak haren legalitatea baieztatu du (2021eko otsailean). Gortearen arabera «interes orokorreko arloko arrazoin premiatsu batek justifikatzen du. Alokatuak izan behar diren etxebizitzen eskasaren kontrako borrokari lotua zaio eta xerkatzen den helburuari egokitua, jakinez azken hau ezin dela lortu hertsadura gutiago dituen neurri batekin”.