Etxebizitza izateko eskubidea mehatxu larrien pean den une honetan, urriaren 10ean, larunbatez, egin den Aldaren 6. Biltzar Nagusiak esperantza-mezu indartsua helarazteko parada eman du, ekintza kolektiboaren eraginkortasuna gogoraraziz. Ondoko erronkari ekiteko abiapuntua izan da: 2026ko azaroaren 15etik 29ra HLM etxebizitza sozialetako alokatzaileen ordezkariak hautatzeko iraganen diren hauteskundeak irabaztea.
Mobilizazio kolektiboa, harresi gisa
Aldaren Biltzar Nagusia egoera kontrajarriak bizi ditugun testuinguru batean hasi da: batetik, erosahalmenaren krisia gero eta larriagoa da, muturreko fenomeno klimatikoak biderkatzen ari dira eta gure auzoetako bizitzan eragina dute; etxebizitza izateko eskubidearen kontrako erasoak ere errepikatzen ari dira. Horien artean badira alokairuen prezioak mugatzeko araubidea desagertzeko arriskua (aurtengo azaroaren 24an buka litekeena, eta horrek prezioen goranzko joera berriz piztea ekarriko luke), fede onez jokatzen duten alokatzaileen kriminalizazioa, eta presidentetzarako hauteskundeetako hautagai batzuen proposamen politiko bereziki kezkagarriak, hala nola etxebizitza soziala garatzea ahalbidetzen duen SRU legea indargabetzeko mehatxua. Bestalde, esperantza-iturri diren mobilizazioak ere badira.
Garaipenez beteriko urtea
Aurten ere, Aldako kideen mobilizazioari esker, bai lan-taldeetan bai kolektiboetan, garaipen zehatzak lortu dira tokian-tokian (auzoetan martxan ezarri berritze-plan handinahiak, eguneroko bizitza errexteko egokitzapenak eta birgaitze-lanak) eta frantses Estatu osoan ere bai (Iñaki Echaniz diputatuak sustaturiko lege-proposamena frantses diputatu biltzarrak lehen irakurketan onartu du; lege horrek alokairuen prezioak mugatzeko araubidea iraunkor bilakatzea eta hobetzea ahalbidetuko luke). Horri garaipen pertsonal frango gehitu behar zaizkio.
Nonahi, borroka garaileek gogorarazten digute mobilizazio kolektiboak emaitzak ematen dituela. Horren adibide dira Peio Dufau diputatuak sustaturiko laborantza-lurren inguruko neurrien bozketa, Arbonan herri-mobilizazioari esker lortua, eta Español Estatuan sortu den lurrikara politikoa. Azken hori 87 urteko emazte bat bere etxetik kanporatu eta gero gertatu da: etxebizitza inbertsio-funts espekulatibo batek erosi eta gero. Gertakariak etxebizitza izateko eskubidea eztabaida politikoaren erdigunera ekartzea ahalbidetu du. Preseski, mobilizazio horren jatorrian den Madrilgo Alokatzaileen Sindikatuko ordezkari baten lekukotasun berezia egin da Biltzar Nagusiarentzat..
Alda, eguneroko biziko sindikatua
Urte honetan, prefetak Aldari kontsumitzaileen defentsarako elkarte gisa jarduteko baimena ukatu dio, haren «ekintza-moldeak» direla eta. Hala ere, lurraldeko biztanleak defendatzeko Aldak duen funtsezko zeregina berretsi da: aurten, bidegabekerien biktima izan diren 933 pertsona eta familia lagundu ditu Aldak. Ondorioz, duela sei urte elkartea sortu zenetik lortu laguntza-eskaeren kopurua 5.400era heldu da.
Aldaren funtsezko zeregina kide kopuruak ere berresten du: elkarteak 1.200 kide kotizatzaileen langa gainditu du jada. Kide horiek hilabetean 5 eta 20 euro arteko ekarpenak egiten dituzte, diru kentze automatikoaren bidez.
HLM edo alokairu apaleko bizitokien hauteskundeetarako prest
Biltzar Nagusian txosten edo bilan morala (1) eta finantza-txostena bozkatu dira, eta Administrazio Kontseilu berria hautatu da (2). Baina, batez ere, Aldak HSA eta Office 64 erakundeetan aurkeztuko dituen hautagai-zerrendak ezagutarazteko parada izan da, azaroaren 15etik 29ra egingo diren HLM etxebizitzetako hauteskundeei begira. Ber maneran,alokatzaileekin elkarlanean landuriko programa eta prestatzen ari den mobilizazioa aurkeztu dira.
Hitzordua finkatu da 2026ko urriaren 31ko, larunbaterako, hauteskundeen bezperan: iraganen den Auzolan ekimenaren 3. ediziorako. Etxebizitza Eskubidearen 3. Egun honek oraingoan, formatu berezia izanen du: goi-mailako hitzaldia goizean, 10.000 eurotik gorako sariak banatuko dituen loto erraldoia, mitina eta kontzertu-gaua.
2027: urrunago joan
Etxebizitzaren egoera zehazki hobetzea ahalbidetu duten aitzinatze frango lortu badira ere, erronka asko badira oraino: alokairuen prezioak mugatzeko araubidea salbatzea eta iraunkortzea (urriaren 21ean Senatuan funtsezko bozkatzea iragaitea espero da); salmenta-prezioak arautzeko aterabide berritzaileak aurkitzea; etxebizitzak bigarren bizileku bilakatzea geldiaraztea; eta alokatzaileak, alokatzearen gelditzea jakinaraztetik, babestea.
2027a, Aldak bere ondoko lan-ildo nagusiak molde kolektiboan zehazteko eta lehen Kongresua egiteko ere baliatuko du.
Elkarrekin, irabazten dugu!
Aldaren bilan morala ezagutu : https://www.alda.eus/wp-content/uploads/2026/10/Rapport-moral-2026-Alda-OK.pdf
Administrazio Kontseilu berriko kideen zerrenda ezagutu : https://www.alda.eus/wp-content/uploads/2026/10/Liste-des-membres-CA-soumis-au-vote-2026-2027.pdf

