Metamorfosi ekologikorako eta justizia sozialerako dirua berenganatzen dute: aberatsak zergapetu ditzagun!

Krisia eta zor publikoa baizik ez direlarik aipu, miliardunak joritzen ari dira. Munduko aberatsenen % 1ek planetaren aberastasunaren kasik erdia daukate!

Etxebizitzaren krisia sekula baino bortizkiago ari delarik, pertsona aberatsenen % 10ek ondasun higiezin guzien % 44a berenganatua dute eta menaiuen % 3,5ek sektore pribatuan alokatuak diren etxebizitzen % 50a berenganatua dute. Hogei urteotan, etxebizitzen prezioak menaiuen irabaziak baino 4 aldiz lasterrago igo dira.

Frantziako Estatuan, aberatsenen % 1ek  urtean bana beste hamar aldiz CO2 gehiago isurtzen dute beren kontsumoaren bidez Frantziako Estatuko pobreenen % 50ek baino. Mundu mailan, planetako pobreenen % 66k baino CO2 gehiago isurtzen dute.

Gero eta baldintza kaskarragoetan eginiko denen lanaren fruitua gutiengo batek bereganatzen segitzen du. Jendartearen kalterako. Gure planeta bakarra ezinbizia bilakarazten duten arren.

Guti batzuek aberasten segitzen duten bitartean, zuhurtasunaren garaia iritsi da ekonomia ministerioan. Bruno Le Maire-k justizia fiskala berrezartzeko ordez Estatu sozialaren bizkar aurreztu nahi du! Enpresek irabaziak lortzen dituztelarik, sakelan sartzen dituzte eta ez dira zergapetuak. Krisian direlarik, Estatua laguntzera heldu zaie eta kinka txarretik ateratzen ditu gure zergen dirua sartuz.  

Jendartea irabaziaren zerbitzura ezartzen duenaz aparte, beste logika bat bada: ekonomia jendarte osoaren eta bereziki langile klaseen beharren zerbitzura ezartzen duena.

Zergapetu ditzagun aberatsak, irabaziak birbanatzeko eta justizia soziala eta metamorfosi ekologikoa finantzatzeko: gaitzeko irabaziak zergapean ezarriz, aberatsenak askoz gehiago zergapetuz, zerga ihesaren kontra borrokatuz, uraren edo argindarraren prezio progresiboak ezarriz…

Aberastasunaren birbanaketari bai, pertsona bakoitzari duintasunez bizitzeko nahikoa bermatzen duen jendarteari bai!

Denak maiatzaren leheneko Baionako manifestaldira!

Elkarretaratzea 11:00ean San-Izpiritu zubiaren puntan, tren-geltoki aldean.