Gerla eta inperialismoa abiadura handian hedatzen ari dira. Nazioarteko zuzenbidea zapaldua da Trump eta haren aliatuen eskutik. Eskuin muturrak, klase herrikoiak bata bestearen kontra jarriz, bere eragina mundu osoan zabaltzen du. Aberastasunen arloan desberdintasunak sekula baino handiagoak dira azken hamarkadetan. Miliardunek komunikabideak erosten dituzte eta beren ideologia zabaltzen. Bizitzaren kostuak, etxebizitzatik hasi eta energiaren prezioen goititzeraino, bizitza ezinezkoa egiten die klase herrikoiei. Alokatzaileen kanporatzeak bikoiztu dira Macron boterera heldu zenetik. Etxebizitza soziala, jada biziki eskas dena, etengabeko erasoak jasaten ditu.
Frantziako gobernuak agroindustriako enpresa erraldoien interesak gure osagarriaren gainetik ezartzen ditu, Duplomb legearen kontrako milioika sinadura lortu badira ere, edo kadmioari buruzko deiadarra jo. Total-ek petrolioan eta gasean egin inbestimenduak handitzen ditu, eta energia berriztagarrien proiektuak uzten. Klima aldaketaren mehatxu planetarioa ez da kontuan hartzen, gure etorkizun komunaren kaltetan. Euskal Herrian, gero eta eraso gehiago badira Airbnb-k xurgaturiko milaka etxebizitza berreskuratzeko edo salbatzeko aukera ematen duen konpentsazio neurriaren kontra. Eskuin muturrak lehen aldikotz hautetsi bat lortu du Baionan eta elkargoan…
Orduan, zertarako? Zertarako oldartu? Zertarako borrokatu? Ezintasuna, fatalismoa eta etsipena nagusitzeko arriskua bada. Eta munduko boteretsuen interesek sentimendu hori elikatzea dute helburu, beren interesak, aberastasuna eta nagusitasuna babesteko.
Hala ere, gure egunerokoa eta gure ingurukoena hobetu ditzakegu. Erabakiak kolektiboki baldintzatu ditzakegu, eta gauzak aldarazi. Bereiztera bultzatzen gaituen sistema kapitalistari buru egiteko, eta haserrea eta aiherkundea baliatuz hazten den eskuin muturraren aitzinean, bil gaitezen gizarte jasangarriago, justuago eta solidarioago baten alde.
Borroka eta garaipen kolektiboen adibideak ez dira eskas, eta maiatzaren 1a, langileen nazioarteko eguna, horren sinbolo da. Langile mugimenduak opor ordainduak, lan denboraren ttipitzea eta grebaren edo sindikatuen bidez antolatzeko eskubidea lortu ditu. Mugimendu feministak oinarrizko eskubideak eskuratu ditu emazteentzat eta genero gutiengoentzat, bozkatzeko eskubidetik hasi eta abortu eskubidea Konstituzioan txertatzeraino. Estatu Batuetan, eskubide zibilen mugimenduak segregazioari bukaera eman zion eta bozkatzeko-eskubidea lortu zuen.
Euskal Herrian ere, herritarrak antolatzen direnean, garaipenak biderkatzen dira eta gure biziak aldatzen. Gure haurrek euskaraz haziko direla erabakitzen dugunean, gaur egun 4.300 haur eskolatzen dituen ikastolen sarea eraiki dezakegu. Ekonomia birtokiratzeko elkartzen garenean, Europako tokiko monetarik handiena den euskoa sortzen dugu. Etxebizitza krisiari buru egiteko batzen garenean, Airbnb geldiarazten dugu eta alokairuen arautzea ezartzen merkatu librearen tiraniari buru egiteko.
Molde anitz badira manera eraginkorrean antolatzeko, eskubideak defendatzeko eta gizarte hobe bat eraikitzeko: sindikatuak, kooperatibak, elkarteak, auzo kolektiboak…
Beraz, gure biziak guhauren esku har ditzagun eta ez gaitezen beha egon aterabidea gainetik etor dadin.
Ekintza kolektiboranzko lehen pausoa ostiralean eman dezagun, maiatzaren 1eko manifestaldian. Hitzordua 11:00etan Baionako geltokiaren aitzinean.
Dena antolakuntza afera da. Elkarrekin irabazten dugu!
