Euskal Hirigune Elkargoak onartutako konpentsazio neurriak bere eragin osoa 2026ko martxoaren 1ean hartu duelarik, hauteskundeen ondotik egin den elkargoko lehen bilkura osoan presente zen Alda, goiz honetan, beharrezkoa, plebiszitatua, eta biztanleek herrian bizitzeko eskubidea defendatzeko eraginkorra den neurri honen garrantzia oroitarazteko.
Iparraldeko tentsio-guneko 24 herrietan* aplikatzen den konpentsazioak, bere etxebizitza nagusia ez den egoitza bat mublatu turistikoa bihurtu nahi duan jabea behartzen du lehenik erabilera-aldaketa baimena eskatzerat bere herriari. Baimen horren lortzeko, etxebizitza galera hori konpentsatu behar du: bizitegi izateko pentsatua ez zen lokal bat urte osoko etxebizitza bihurtuz, herri berean. Mublatu turistiko berri bakoitzeko, beraz, etxebizitza berri bat sortzen da, eta herriko etxebizitza kopurua ez da ttipitzen.
Neurri honek ez du eragiten norbere etxebizitza nagusia mublatu turistiko gisa alokatzeari, hau urtean gehienez 120 egunez baimendua delarik.
Beharrezkoa, plebiszitatua eta eraginkorra den neurria
Konpentsazio neurria indarrean sartu baino lehen, mublatu turistikoen kopurua izugarri handitu zen 24 herri horietan, iragarki aktiboen kopuruaren igotze batekin, 7.154etik 2016an 16.444ra 2020an, hau da, %130eko goratzea 4 urtetan (Audap-en azterketaren arabera), eta 9.600 erabilera-aldaketa baimen baino gehiagoren onartzearekin 2020ko urtarrilaren 1a eta 2023ko otsailaren 28a artean, horrenbeste urte osoko etxebizitza mublatu turistiko iraunkor bihurtuz.
“2021ean alokairu pribatuaren parkea 45.000 etxebizitzakoa zela jakinez, egoera oso larria zen, egiazko tsunami bat, eta neurririk hartu ez balitz, milaka etxebizitza gehiago galduko genituzkeen. Beraz, ezinbestekoa zen jardutea.” azaldu du Xebax Christy Aldako bozeramaileak.
Konpentsazio-neurriaren alde egin zuen herritarren eta hautetsien gehiengo handi batek (8.000 pertsona Baionako karriketan 2021eko azaroaren 20an; eta auradia onartu zuen bozkan, 2022ko martxoaren 5ean: 169 alde, 8 kontra eta 33 abstentzio).
2023ko martxoaren 1ean indarrean sartu zen eta bere helburu nagusia lortu du: odol-jarioa gelditu du. 2023an bakarrik bi baimen eman ziren konpentsazioarekin, 2024an hiru, eta 2025ean bi. Eta neurriak 2026ko martxoaren 1ean hartu du bere eragin osoa, aitzinetik emandako baimen guziak iraungi diren egunean.
Turismo-jarduera ahalbidetzen duen araudi orekatua
Konpentsazio-araudia mublatu turistikoei aplikatzen zaie, urte osoko etxebizitzekin lehia zuzenean baitira, eta ez du eragiten beste turismo-egituren gainean (hotelak, kanpinak, turismo-erresidentziak, landetxeak); azken hauek turismoa bertako biztanleen etxebizitzak kaltetu gabe egiteko ahala ematen dute. Gainera, 24 herri horietako batek ere ez zuen turismo eskasik pairatzen Airbnb bezalako plataformak agertu aitzin.
Bestalde, gaur egungo araudiak salbuespenak aurreikusten ditu jadanik; beraz, ez da mublatu turistikoen bukaera, batzuk sinetsarazi nahi duten bezala. 2025ean, kasik 1.000 baimen eman ziren alokatze mixtorako (urtean ikasle bati alokatzea eta udan 3 hilabetez mublatu turistiko gisa), eta 200 baino gehiago jabearen etxebizitza nagusian kokatutako mublatu turistikoentzat.
Malgutzea ahultzea da
Batzuk araudia malgutzea eskatzen dute. Zer erran nahi du horrek? 2024ko ekainean, Euskal Herriko mublatu turistikoen sektoreko lobbyak, Entzun-ek, ohar bat argitaratu zuen proposamen honekin: «arau sinple bat: pertsona fisiko bat = epe laburreko alokairurako etxebizitza bat = bigarren etxebizitzatik goiti, erabilera-aldaketa konpentsazioarekin». Baina 2021eko Audap-en txostenak zehazten duen bezala, 24 herri horietako mublatu turistiko iraunkor gehienak etxebizitza bakar bat alokatzen duten jabeenak dira. “Araudiaren malgutzeak bere eragina erabat deuseztatuko luke, egungo parkearen %80 baino gehiago baimentzea ekarriko lukeelako. Atzera pauso handia litzateke, arduragabea, eta herritarren borondatearen mespretxu garbia.” adierazi du Ainize Butron Aldako kolehendakariak.
Etxebizitzaren alde jardutea
Aldak hautetsiak deitzen ditu Ipar Euskal Herriko biztanleek beren herrian bizitzeko duten eskubidea bermatzeko politika anbiziotsu baten eramatera, eta Euskal Hirigune Elkargoak hainbat tresna dituela horretarako azpimarratzen du: konpentsazio-araudia urratzen duten jabeen atzematea eta zigortzea, bereziki araudia saihesteko masiboki garatzen ari diren etxebizitza nagusi faltsuen adierazpenen aurka borrokatuz; PLUIetan etxebizitza nagusien babes-eremuak sortzea, bigarren etxebizitza berrien eraikuntza saihesteko; herriak bultzatzea etxebizitza nagusiak mublatu turistiko gisa alokatzeko egun kopurua 90era murriztera; konpentsazioa aplikatzen ahal duten beste herrietara zabaltzea; jabeak urte osoan alokatzera bultzatzea, eskuragarri dituzten laguntzak eta mekanismoak ezagutaraziz.
* Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu, Bokale, Ziburu, Getaria, Hendaia, Jatsu, Lehuntze, Larresoro, Mugerre, Urruña, Donibane Lohizune, Hiriburu, Urketa, Uztaritze eta Milafranga