Euskal Bizilekuen Tokiko Programak 2021 eta 2026 urteen artean eginen diren eraikin berrien % 47 etxebizitza sozialak izango direla aurreikusten du. Baina, helburua lortzen balitz ere, hori ez da nahikoa izanen herrien gehiengo handi batek hamar urteotan hartu gibelapena estaltzeko, ez eta ere biztanleriaren beharrei erantzuteko. 7 530 etxebizitza sozial berri egiteko asmoa dute urte horietan, baina urtero 11 000 etxebizitza sozialeko eskaera bada. Etxebizitza sozial bat lortzeko bataz besteko epea 22 hilabetekoa da Ipar Euskal Herrian, Akitania Berrian 11 hilabetekoa delarik. 6,5 eskaeretarik bakar batek lortzen du etxebizitza.

Prezioak zeruraino igotzen ari diren gurea bezalako eskualde batean, beste fenomeno batek arazoa larritzen du. Legeak egoitza jabetzarako sarbide soziala aski zehaztu ezean, egoitza sozial batzuk merkatuaren prezioan berriz salduak dira, egoitza sozialak izateari utziz eta batzuetan ere bigarren egoitza edo turismorako alokatzen diren egoitza bilakaturik! Horrelako adibideak aspaldidanik badaude Donibane Lohizunen edo Biarritzen. Guziz onartezina da, eta bilakaera asaldagarri horiek ezinezko bilakarazi behar dira. Egoitza sozial bakar batek ere ez du salgai espekulatibo gisa bukatu behar!

Iraupen luzeko (“emphytéotiques”) alokatze-kontratu batzuk, eta bereziki BRS/AEE (Bail Réel Solidaire – Alokatze-kontratu Erreal Elkarkidea) delakoak sarbidea merkatzen dute, eraikina eta lurra ezberdinduz (erosleek hormak erosten dituzte baina lurra bakarrik “alokazen” dute). Hauen interesa da, batez ere, espekulazio arriskuen blokatzea, erosteko, bai orain, bai hemendik berrogeita hamar urtetan, irizpide sozialak bete behar baitira. Gaurtik goiti, plantan ezarriko den sarbide sozialeko sistema bakar bat ere ez da konponbide hau baino bertute gutiagokoa izan behar!

Edozein kasutan, alokatzeak lehenetsi behar dira bizitegi sozialentzat. Gisa guziz, beti hobe da botere publikoek, alokatzaile sozialek edo biztanle kooperatiba sozialek eskua atxiki dezaten, gutienez lurraren jabetzan eta, ahal bada, egoitzen jabetza kolektiboan. Hori baita berme hoberena egoitza soziala zinez sozial izaten jarrai dezan.