Baionan 2025eko maiatzaren Lehenean,
Alda eta Bizik Baionako maiatzaren Leheneko manifestaldian parte hartu dute basatiak, erreakzionarioak, klima-suntsitzaileak eta antisozialak diren “Trump eta haren mundua”-ren aurkako jende lerro engaiatu baina umoretsuan. Euskal Herrian antolatzeko deia egiten dute, bakean eta elkartasunean oinarritua den jendarte eredu iraunkor, burujabearen eraikitzeko.
Pankartak, banderolak, kantuak eta parodia maskarak ateratuak izan dira 2025eko maiatzaren Lehenean, Langileen Nazioarteko Egunean. Alda eta Bizik hitzordua finkatua zuten Baionako Errepublikaren Plazan. Karia horretara apainduriko kamioian, Donald Trumpek, Elon Muskek, Vladimir Putinek eta Marine Le Penek bertan bildu jendea probokatu dute.
Manifestariek “Trumpen eta haren munduaren aurka, Alternatibak eraiki ditzagun” dion banderola handi bat zabaldu dute eta pankarta koloretsu frango agerian eman dituzte: “Justizia sozialaren alde”, “Etxebizitza duinaren alde”, “Zientziari bai”, “Bidezko erretreten alde”, “Justizia klimatikoaren alde”, etab.
“Aurrekaririk gabeko basakeriaren ofentsiba baten lekuko gira, eta horren figurarik enblematikoena Donald Trump da. Hauteskundeetarik geroz, AEBek langileen eskubideak, demokrazia, humanismoa eta zientzia trufatuak diren munduaren eredu jasanezina irudikatzen dute“. azaldu du Malika Peyraut, Aldako koordinatzaileak. “Mundu osoan, buruzagi atzerakoiak, fortuna handienek lagundurik, populuak bata bestearen kontra ezartzen ari dira eta aker pekatzaileak izendatzen dituzte beren boterea segurtatzeko, beren balioak inposatzeko eta gure jendarte demokratikoen hesi/babesak hausteko. Nahiz eta tronpakorrak diren promesa elektroalistak hor izan, klase herrikoi guziak norabiderik gabeko ihesaldi honen biktimak izanen dira. “.
“Aberatsenen interesak babesteko, buruzagi hauek erronka ekologikoak baztertzen dituzte, jendartea une erabakigarri batean delarik. Etorkizun bizigarri baten aukera arriskuan ezartzen ari dira eta hondamendira abiadura handian eramaten gaituzte“. gehitzen du Eneko Bellan Biziko bozeramaileak.
“Baina Euskal Herritik biztanleria osoaren bizi-baldintza duinak bermatuko dituen jendarte eredu jasangarri baten alde ekiteko moldeak baditugu. Antola gaitezen sindikatuetan, auzo-kolektiboetan eta tokiko kooperatibetan. Gara ditzagun etxebizitzarako sarbidea, laborantza herrikoia, tokiko moneta, berrerabilpena eta konponketa, energia berriztagarriak eta herritarrak… Arlo guzietan azkartu ditzagun tokiko alternatibak ez gehiago Trumpen munduaren menpe egoteko“. bururatu du.
Baionan, Trumpen munduari umorez bukaera ematea erabaki dute manifestariek. Jende lerroak Errobi zeharkatzen zuen bitartean, Trump “eta haren lagunak” Space X suziri batean sartu dira… Azken honek, Elon Musk miliardunaren Starship, Martera doan proiektuari erreferentzia egiten dio. Baionan, aireratzeak, ez du beste (egiazko) suziarenak baino arrakasta handiagoa ukan. Suziria lehertu da, mundu kaltekor honen sinbolikoki lurperatzeaz kontent zen jendearen txaloen artean.