Alda, jendarte herrikoien defentsarako mugimenduaren sortzea.

Baionan, 2020ko urriaren 10ean – Hastapen eguna gaur, Ipar Euskal Herriko jendarte eta auzo herrikoien eskubide eta funtsezko beharren defentsa helburutzat duen Alda mugimendu berriarentzat. Lehenik hunkituak direnekin eta direnetaz eraikia, mugimendu horrek haien antolaketa kolektiboa ahalbidetuko du, lan mundutik kanpo jasaiten diren injustiziei, beren bizi ingurune eta eguneroko ingurumenean, aurre egiteko.  

Alda mugimendu berria sortu da, arratsalde honetan, Baionako Zizpa Gaztetxean iragan den Biltzar Nagusi sortzailearen karietara. Hara euskal erakunde berri honek bere buruari emaiten dizkion helburuak: jendarte eta auzo herrikoietako eskubide eta beharren defentsa, boterea berriz emaitea eta beren boza entzunaraztea. Elkarteak bere Estatutuak onartu ditu, ahobatez baieztatuak izan direlarik, Itun sortzaile bat ere onartu du, eta bere lehen Administrazio Kontseilua bozkatu du bi ko-lehendakariekin batera. Lehen 48 kideen presentzian, ber maneran plantan eman ditu bere lehen lan ildo zehatzak. 

“Aldaren sortzea konstatazio baten ondorioa da: goitituz doan jendetzaren parte baten baitan, prekaritatea handituz doa, eta egoera hori txartzen ari da zeren jendarte horiek gero eta gehiago deskonektatuak dira egitura kolektiboetaz eta usaiako erakundeetaz. Konstatazio hori behar bat bilakatu da: lurralde zuzenago eta iraunkorrago baten eraikitzeko, baitezpadakoa da jendarte herrikoietako pertsonei boterea berriz emaitea, eta haien boza entzunaraztea.” esplikatzen du Xebax Christy-(e)k, Aldaren ko-lehendakariak. 

Perspektiba horretan, Aldak nahi ditu jendeen bizi baldintza materialak hobetu beren eguneroko bizi ingurunean (etxebizitzan, auzoan, lanarendako sarbideetan, garraioetan, eskoletan, administrazioan, banku eta zerbitzuetan, kontsumoan, osagarrian, ingurumenean, etab.), baina ere onarpena eta errespetua berreskuratu, jendarte egitura eta elkartasun aktiboak berreraiki, proiektu kultural herrikoi bat gorpuztu, jende horiei egiazko toki baten emaiteko tokiko bizi demokratikoan, bai eta maila globalekoan, eta euskal jendartean. Alda elkartea alderdi eta politiko eta botere publiko orotarik independentea da, eta bere kideen norbanako urtesarien gainean kondatuko du. 

Lehen ekintza zehatza: “Eta aldatzen balitz?” izeneko iritzi inkesta zabal baten abiaraztea, Baionako 16 auzotan, astelehena, urriaren 12tik goiti. Hainbat hilabetez, Aldaren laguntzaileek auzo horietako herritarren iritzien biltzeko xedea dute.  

“Aldaren desmartxa, jendeen beharretarik abiatzen da. Lehenik eta hasteko, helburua, haien entzutea da, topatzen diren zailtasunen eta beren bizi baldintzei buruz duten begiradaren bai eta ere haien gogo eta xedeen ulertzea. Gaur gomitatzen ditugu Alda proiektuarekin bat egiten duten guziak gurekin etortzerat: inkestaren gauzatzean parte hartzeko, Alda, auzoetako aldizkariaren idaztean eta banatzean parte hartzeko, halako edo holako arazo zehatz bati, injustizia edo behar kolektibo bati, etab. aurre egiteko antolatzeko.” bururatzen du Malika Peyraut, Alda-ren ko-lehendakariak.  

Aldaren Biltzar Nagusi Sortzailean onartuak izan diren Estatutuak eta Ituna 

Libreki erabiltzeko behar eskubide guziekin diren argazkiak hemen eskuragarri