Alda
Gure bozen entzunarazteko!

Alda, irabazi apal eta ertaineko jendetza, familia eta pertsonen interes eta xedeak defendatzen dituen elkartea da.
Aldaren helburua azken hauei boterea berriz emaitea da, beren bozaren molde eraginkorragoan entzunaraztea ahalbidetuz.

Justizia eta elkartasuna

Errespetu, justizia eta elkartasun gehiago eta bizi kalitate hobea eskatzen dituzten pertsona, kontsumitzaile, alokatzaile, zerga ordaintzaile, laguntza hartzaile, hezkuntza, osagarri, haurtzaindegi, garraio kolektiboetako zerbitzu publiko erabiltzaile, saltegi handi, banku, asurantza, etab. zerbitzu pribatuetako bezero, lan gabezian, baztertuak, prekarioak, ahalmen urrikoak diren guziak elkartu nahi ditugu.

Errespetua eta duintasuna

Gure eskubideen defentsan kolektiboki ekiten dugu: izan dadin gure kontsumitzaile eta erabiltzaile eskubideen kasuan, eta dagozkigun hainbat eskubideren arloan, gure irabazi eta laguntza nahikoentzat, eskuragarriak, sanoak, ongi isolatuak diren etxebizitzentzat, ongi bizitzeko egokiak diren auzo eta ingurumenarentzat, kalitatezko zerbitzu publikoentzat, enpleguen lortzeko ber sarbideentzat, bai eta ere osagarri, elikadura sano eta tokikoa, hezkuntza, kultura, kirol, mugikortasun eta aisaldientzat, eta, lurralde zehatz batean bizi den pertsona bakoitzari zor zaion duintasun eta eskubide berdintasunaren errespetuarentzat.

Bateratzea eta interes orokorra

Gure indarra gure batasunak ematen digu, gure pisua izateko eta gure bozen entzunarazteko gaitasunak. Deus ez da halabeharrezkoa. Gure buruak errespetarazi behar ditugu, gure bozak entzunarazten ahal ditugu eta gauzak aldatzen ahal ditugu. Bizi baldintza hobeagoak posible dira guretzat eta gure haurrentzat.

Gure desmartxa %100 kolektiboa da, eta interes orokorra eta ondasun amankomuna xedetzat ditu. Denentzat lan egiten dugu. Gure ekintza ber maneran deliberatua eta errotik bortizkeriarik gabekoa da.

Irekidura eta borondate ona

Alda Ipar Euskal Herrian bizi den pertsona orori idekia da, jatorri, genereo, adin, larru kolore, erlijio, iritzi politiko eta filosofiko, sexu-orientazio, kultur, hizkuntza eta eskola-maila bereizketarik gabe. Gure artean onginahia eta diskriminazio ororen errefusatzea landu nahi ditugu. Aldak nahi ditu bakoitzaren errespetua, eta denei, eta bereziki gutarik zaurgarrienei, eskaini behar den arta sustatu.

Hemen eta orain

Tokiko mugimendu bat gira, Euskal Herri bizi, libre, jasangarri, solidario eta abegitsu bati osoki integratua dena. Hemen eta orain, gure eskubide eta duintasunaren etengabeko zalantzan emaiteari ihardukitzeko aski azkarra izanen den eta zuzena den eredu soziala eraiki nahi dugu.

Mundu zuzenago eta iraunkorrago bat

Jendartearen egiazko beharrei, justiziaz eta zuzentasunez, eta planetaren mugen errespetuan, erantzuna ekarriko duen sistema eraiki nahi dugu. Ekonomia jendetzen zerbitzuko izan behar da eta ez alderantzizkoa.

Mundu bihozberago, zuzenago eta iraunkorrago baten eraikitzeko antolatzen diren beste lurralde, herri, kontinente eta jendetza eta komunitateekiko solidario gira.

Proposamen indarra

Gure defendatzea edo injustiziak eta arazoak salatzea ez zaigu aski. Proposamen indarra gira. Egunerokoan eraikitzen ditugu alternatiba sozial, ekologiko eta demokratikoa, bai eta ere behar ditugun aterabide zuzen eta iraunkorrak.

Demokrazia eta ardura hartzea

Gure ekintzarekin, herritarren boterea indartzen dugu. Zinez parte hartzailea den demokrazia baten eraikuntzan gure ekarpena egiten dugu. Antolakuntzaren balorearen eta adimendu kolektiboaren baitan sinesten dugu.

Alda mugimendua demokratikoki ibiltzera ahalegintzen da, bere oinarrian funtsezko printzipioa duelarik: pertsona bat, boz bat.

Berdintasuna eta aniztasuna

Gure ekintza eskubideen berdintasunaren, hizkuntzen, kulturen eta identitateen aniztasunaren errespetuaren aldeko borrokan kokatzen da. Gure ekintza eremua Ipar Euskal Herria denez, gure komunikazio publikoak naturalki frantsesez eta euskaraz dira, beste hizkuntzekiko, bereziki migrazio ezberdinetarik datozenekiko, errespetu eta trukaketan.

Independentzia

Alda alderdi politiko orotarik eta botere publikoetarik independentea da. Aldak bere ibilmoldea bere kide eta bazkide sarien bidez finantzatu nahi du nagusiki. Horrek botere publikoei eta talde ekonomiko handiei buruzko gure independentzia bermatzen du, eta gure ekintzak bakarrik herritar eta jendetzen zerbitzuko ezartzera ahalbidetzen gaitu.